Albisteak

Brunet eskultura inauguratu da Oria parkean

2017-07-17 |  iruzkinak: 0 | Lasarte-Oriako udala

 

Festa-giroan, Lasarte-Oriako alkateak, Jesus Zaballosek, Miguel Ángel Oribe oriatarraren Brunet eskultura inauguratu zuen, gure herriaren historia behin betiko aldatu zuen Brunet hariki-fabrikaren oroigarri moduan egina.

Zaballosek, udalbatzako beste kide batzuk, Oriako auzo-elkartekoak eta artelanaren egilea lagun zituela, han bildutako oriatarren aurrean inauguratu zuen eskultura.

Ekitaldian, alkateak nabarmendu zuen Brunet hariki-fabrika garrantzizkoa izan zela gure herriaren historiarentzat, bete-betean sartu baitzuen industria-iraultzan eta betiko aldatu baitzituen Lasarte-Oriaren izaera eta bizimodua.

Historian izan duen garrantzia, teknologian izan duen eragina, langile-sindikatuen sorrera, auzo berriaren tankeratzea..., industria horrek markatutako mugarriak ditugu, eta haren itxiera benetako arazoa izan zen Lasarte-Oriarentzat.

Sorgin-dantzarentzat ere oroitzapen berezi bat izan zuen, fabrikaren inguruan sortutako ondare kultural bat baita eta denboran zehar iraun baitu, haren tradizioa mantendu duten lasarte-oriatar askori esker. Ekitaldian presente zeuden Sorgin-dantzako kide beteranoak.

Auzo-elkartearen izenean, Sebastian Kerejetak hitz batzuk zuzendu zizkien han bildutakoei, eta bere esker ona agertu zion Udalari jadanik auzoaren irrika bat zena bete duelako, eskultura honekin bere historiaren parte garrantzitsuenetako bat gogora ekarriz. Pozik agertu zen oriatarren aspaldiko errebindikazio hau beteta ikusi duelako.

Eskultura ikusi

Idatzi zure iruzkina

segurtasun kodea
Lege oharra onartzen dut
iametza interaktiboak garatuta
CSS | XHTML | WAI-A | Lege oharra | Irisgarritasuna