Albisteak

Aterpeako bazkide berrien aurkezpena

2017-05-17 |  iruzkinak: 0 | Lasarte-Oriako udala

 

Aterpeak joan den ostegunean aurkeztu zuen bazkideak kanpatzeko udalaren babesarekin egindako kanpainaren emaitza arrakastatsua. Aterpea 52 bazkide izatetik 110 izatera pasatu da, eta horrek berekin ekarri du elkartea berrantolatu beharra.

Ekitaldian izan ziren Jesus Zaballos alkatea eta udaleko zenbait taldetako ordezkariak, eta Aterpea berria aurkezteko balio izan zuen. Ramón Ormazabal elkarteko lehendakariak, han bildutako bazkide ugarien aurrean, bazkideak kaptatzeko udalaren babesarekin egindako kanpainaren arrakasta nabarmendu zuen, bikoiztu egin baita bazkideen kopurua.

Emaitza horrek elkartearen estrukturan bertan aldaketak egitera behartu ditu, errealitate berri horri erantzun behar baitio. Urte hauetan guztietan udaletik, talde politikoetatik eta Eusko Jaurlaritzatik izan duten babesa eskertuz hasi zen. Eskerrak eman zien, halaber, Dendarteani, Rural Kutxari, Tranbiaren Konpainiari edo Martin Berasategiri, besteak beste, eta haiekin kolaboratu duten ikastetxeei eskerrak emanez amaitu zuen.

Ormazabalek gogorarazi zuen Aterpeak herriko ekonomia dinamizatzea bilatzen duela, enplegua sortuz eta herria gizatiarragotuz. Nabarmendu zuen, 52 bazkide izatetik 110 izatera pasatuta, estruktura aldatu egin behar izan dutela, zuzendaritza kide gehiagorekin handituz, kezka eta premia berriei erantzuteko. Esplikatu zuenez, arlo eta zonetako arduradunak sortu dituzte, herria 7 zonatan banatu baitute.

Helburua da Lasarte-Oriak izan behar duen eremu komertzial handi hori sortzea. Ahalegin horretan, bazkideak beren lanekin babesa ematera animatu zituen. Amaitzeko, nabarmendu zuen bazkide izandakoen batzorde bat sortu dutela Aterpearen 25. urteurreneko programa lantzeko. Izan ere, datorren urtean beteko du urteurren hori, eta 2018ko maiatzaren 14tik 19ra bitartean ospatuko da.

Azkenik, Jesus Zaballosek bazkide berriei eskertu egin zien Aterpeako kide bihurtu izana, horrek beste bultza bat ematen baitio herriko merkataritzaren dinamizazioari, eta Aterpea elkarte indartsuago bat bihurtzen baitu, ekimen gehiago egiteko gaitasuna duena, lehendik ere bazituenak indartuta.

 

Idatzi zure iruzkina

segurtasun kodea
Lege oharra onartzen dut
iametza interaktiboak garatuta
CSS | XHTML | WAI-A | Lege oharra | Irisgarritasuna