Albisteak

2017ko San Pedro jaietarako programa aurkeztu dute

2017-06-09 |  iruzkinak: 0 | Lasarte-Oriako udala

 

Udaleko eta gizarteko zenbait ordezkarik atzo aurkeztu zuten aurtengo jaien programa. Ekitaldian, Txus Alonso festetako zinegotziak lankidetza eskertu zien entitate parte-hartzaileei, eta programaren parte aipagarrienak aletu zituen.

Jesus Zaballos alkatea eta aurtengo programan kolaboratzen duten entitateetako ordezkariak lagun zituela, Txus Alonso zinegotziak, hasteko, bertan bildutakoei beren kolaborazioagatik eskerrak eman zizkien. Izan ere, urtetik urtera gehituz doaz festetako jarduerak egiten dituzten entitateak (jadanik 14 dira), eta, laguntza horri esker, lasarteoriatarrok festa bikain batzuez gozatzeko aukera izango dugu. Bide batez, gogorarazi zuen aurten omenduko dena Semblante Andaluz elkartea izango dela, aurten betetzen baititu 25 urte. Aurreikusitako aurrekontua 153.977 eurokoa da.

Ohikoa den moduan, eta herriko entitateek sortzen dituzten jarduera guztiak kokatu ahal izateko, jaien aurreko egunetako jarduera tradizionalak ere izango ditugu, ekainaren 16an hasita. Zenbait boluntarioren kolaborazioari ere esker, aurten kaleetan sarriago gozatu ahalko dugu erraldoi eta buruhandiez eta zezen suzkoaz.

San Joan gaueko sua, hilaren 23an, Andatza Plazan egingo da, eta, ohikoa den moduan, Erketzen, Albokaren eta Zero Setteren kolaborazioa izango du San Joan zortzikorako.

Jaiak ekainaren 28an abiatuko dira, 12:00etan udaletxe zaharretik jaurtiko den haurren txupinazoarekin, eta uztailaren 1eko larunbata arte luzatuko dira. Hilaren 28ko arratsaldean helduen txupinazoa izango da, omendutako Semblante Andaluz elkartekoak bertan direla. Txupinazoaren ondoren, Golden Apple Quartet taldearen emanaldiaz gozatu ahalko dugu, Mikel Urreizti lasarteoriatarraren presentziarekin.

Haurrentzako programazioak bi nobedade izango ditu. Haurren txupinazoaren ondoren, Tomasen Abenturak programatu da. Hilaren 29an, Busti Blai uretako jardueren errefortzu moduan, ur-txirrista handi bat instalatuko da Atsobakarren. Haurrentzako jokoek Andatza plazan instalatuta jarraituko dute.

Haurrentzako xexenak itzuliko dira, eta Isla Plazan izango dira ekainaren 30ean. Sokamuturra, berriz, Sasoeta ikastetxeko patioan egingo da, uztailaren 1eko larunbat goizaldean.

Berbenek Jaizkibel eta Isla plazetan jarraituko dute, eta kontzertuak, berriz, Okendo plazan egingo dira. Aurtengo kontzertuen artean, bereziki nabarmendu zituen Efecto Pasillo kanariarrena, uztailaren 1eko larunbatean, eta Ze esatek! eta Los del Gas taldeena, ostiral 30eko gaupasan. Herriko taldeentzat ere izango da tartea: Ibai Berriak, Oaintxe in Deu, DJ Paolo Solo eta Furonia, edo Oiantxe in Deu, Gautxori eta Tirriki-Tarraka taldeen emanaldiak.

Beste datu aipagarri bat da emakumeek parte hartuko dutela euskal herri-kirolen erakustaldian, bi emakume aizkolari arituko baitira.

Hilaren 29an 22:00etan Kulturetxean egin ohi den bertso-jaialdi tradizionalean, aitormen berezia egingo zaio Patxi Etxeberria bertsolari lasarteoriatarrari, 40 urte baitaramatza eszenariora igotzen.

Beste jarduera garrantzitsu batzuk izango dira txirigotak, oraingoan Kulturetxera itzuliko baitira, edo Andatza plazan Maikel Melero munduko txapeldunarekin egingo den freestyleko erakustaldia, guztia ekainaren 30ean. Halaber nabarmendu zuen uztailaren 1ean Isla plazan ETBko Go! Azen! ikuskizuna izango dela, eta Valecearen su-festak Atsobakartik jaurtita.

Haren mintzaldiaren ondoren, hainbat entitatetako ordezkariek hartu zuten hitza, festetarako programatuta dauzkaten jarduerak aletzeko.

 

Idatzi zure iruzkina

segurtasun kodea
Lege oharra onartzen dut
iametza interaktiboak garatuta
CSS | XHTML | WAI-A | Lege oharra | Irisgarritasuna